XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen alternatiba herritarra.

Edozein hizkuntza bezala, euskara ere kultura baten agerpen eta ezinbesteko baldintza da.

Kultura bat, herri bat da.

Gure herriak irauten badu, beste zenbait herrik bezala, honexegatik da batez ere, herri kultura sendo bat sortzeko gai delako: Herri osoaren esku-hartzeari esker sortu, garatu eta transmititzen den kultura.

Horrexegatik ezin da bereizi, hain zuzen, euskara herriaren esku-hartzetik.

Gainera, gure kasuan, diglosia izugarri baten aurka garaile irtetzean datza gure kulturaren eta euskararen gakoa.

Kalean itoko ala salbatuko eta indar berrituko da euskara.

Euskara irakaskuntzak biziki eginkorra izango den proiektuaren beharra du, herri dinamika bultzatuko duena eta ez ordezkatu, kalea euskaldunduko duena.

Ez du nahi euskara disziplina akademiko huts balitz bezala, eskoletan ikasteko eta jakiteko.

Euskara kalean, herrian, lantegian,... bizimoduko alor guztietan nahi du, HERRITAR OROREN AHOTAN.

Herri honek ez duena nahi izan, ez duena nahi zera da, elite batek oratutako kultura hartzea populartzat.

Ez ditu nahi kultura eta euskara konsumorako produktu gisa, merke edo dohainik salduak badira ere.

Badakielako zer gertatzen den azkenez horrelako sasi-kulturarekin, gizabanako eta herrien menperatzeko tresna bihurtzen dela, bakoitzak berari dagozkion erantzunak bilatzeko indarrak galeraziz, eta larriago dena: herriaren beraren existentzia arriskutan jarriz.

A.E.K., guzti honekin jabetuz, eta ziurtzat jota herri-dinamikarengandik at ez dagoela Euskal Herria berreuskalduntzerik, euskarak duen alternatiba herritarraren alde egiten du apostu.